2024ko ekainaren 19tik 21era bitartean, Europako Mikrofinantzen Sarearen urteko konferentzia egin zen Bukaresten, Errumanian. Bizkaia Mikrok, erakundeko kide zen aldetik, Batzarrean eta bertan egindako hainbat bileratan eta saiotan parte hartzeko aukera izan zuen.
Europan finantza-inklusioa eta bultzada ekonomikoa lortzeko funtsezko tresna gisa mikrofinantzaketa sustatzeko eta garatzeko interesa duten Europako hainbat erakundetako 80 ordezkari baino gehiago bildu ziren Errumaniako hiriburuan. Saioetan zehar, sektorearentzako egungo erronkak eta aukerak jorratu ziren, eskualde, estatu eta nazioarte mailetan gero eta lankidetza handiagoa behar den testuinguruan. Gainera, Europa osoan berrikuntza eta gizarte-ekintzailetza sustatzen duten mikrokredituen programen diseinuan eta garapenean jardunbide onenak eta kasu arrakastatsuak nabarmendu ziren.
Marcos Salinero, Bizkaia Mikroko gerenteak, erakundeak Bizkaian egiten duen lan garrantzitsua nabarmendu zuen, mikromaileguen programak funtsezkoak izan baitira mota guztietako MicroETEei finantzaketa-produktuak eskuratzea errazteko. Halaber, adierazi zuen sozietateak Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailean sartzearen ondorioz hartutako norabide estrategiko berriak, aurrerantzean, berebiziko garrantzia izango duela lurraldean zehar ekimen ekintzaileak aktibatzeko.
Jardunaldiei amaiera emateko, erakundeak lankidetza-harremanak sendotzeko eta ekosistema ekintzailearen eta mikroenpresarialaren mesedetan ahaleginak bateratzeko deia egin zien elkartutako erakundeei.